XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alemania akabo

Guk kazeta berri hau hastearekin, zertan da Alemania? Huna bi hitzez.

Memento batez iduri gaitzuen mundu guzia iresterat zeramala, emeki-emeki orotan behartu zaio amor eman.

Afrika ipharrean zer lasterrak ez ditu Romel zenak erabili, 1.500 kilometre ihesi eginik?

Rusian, Stalingrad hunkitu ondoan, bertze hainbertze bide ez othe dute perdek gibelerat kurritu?

Europa-mendebalean horra nun ari dituzten orai Frantzia, Belgika eta Holanda husten, doi-doia itsasbazterretan han hemenka zonbait mila soldado erainik.

Italian ere zer trostak erabili dituztenak, nahiz hango mendi kazkarretan hein bat gogor den aintzinatzea Angles eta Amerikanoentzat.

Greziako ugarteak ere Alemanek utzi behar.

Hots, engoitik beren lurren zaintzen ari dira; eta beldurtzeko da gogorki ariko diren, eta ez dutela aise amor emanen.

Gudu handi bat galdurik ere, ez da errana geldituko direla. Aski zail eta thematsu dira mendi-oihanetan berduratzeko, eta handik ahal bezen luzaz buru atchikitzeko, gure F.F.I. suharrak ari izan diren bezala.

Iduri luke gelditzea hobe luketela, gerla ezin irabazia dutenaz geroz! Bainan nork daki zer daukaten gogoan? Beren etsaien arteko zerbait makurren haiduru othe dauden, heien eztabadez baliatzeko? Zer nahi den, nahiz ez diren oraino azken hatsetan, erran ditake hiltzerako bidean urhats handiz doatzila.

GERLA NOIZ FINITUKO?

Amerikanoen jeneral nausiaren arabera, hiru ilhabeteren buruan; Anglesen jeneral nausiaren arabera, heldu den urthearen hastapenean; De Gaullen arabera, heldu den udahastean. Geroak erranen!